Artur Masek The New York Timesen argitaratu duen artikulua euskaraz


2013ko irailaren 11n - 00:00
Azken eguneraketa: 2015-02-26 13:37:33
Masek iritzi artikulua argitaratu du gaur NYTimesen.

Erreferenduma Kataluniarentzat

2012ko irailaren 11n, Kataluniako Diada egunean, milioi eta erdi pertsona bildu ziren Bartzelonan egin zen manifestazioan. “Katalunia, Europako estatu berria” zioten afixak eramanez. Itxaropenaren adierazpen baketsua izan zen manifestazioa. Eta gaur, helburu berarekin, ehunka milaka pertsonak giza katea osatuko dute Katalunian.

Tribu iberiarrek greziar eta kartagotarrekin Mediterraneoko kostan salerosketan aritzen zireneraino egiten du atzera Kataluniaren historiak. Erdi Aroan garatu zen kultura katalana eta urteen poderioz indartuz joan da, nahiz eta subiranotasuna galdu 1714ko Espainiako Sezesio Gerran eta behin eta berriro gure gobernuak, eskolak, hizkuntzak eta baloreek zapaldu.

1936-39ko Espainiako gerra zibilean gogor borrokatu zuen Kataluniak Bigarren Errepublikaren alde. Baina demokrazia eta autonomia zapalduak izan ziren eta hizkuntza katalana legez kanpoko izendatu zuten. Espainiak 40 urteko diktadura gogorra jasan zuen Francorekin.

1975ean, Francoren heriotzaren ondoren, Espainian aldaketa izugarria gertatu zen alderdi anitzeko demokraziarantz, eta 1978an Konstituzio berriarekin Kataluniako autonomia eta hizkuntza aitortu ziren berriz ere. Kataluniako erakundeek garatzen jarraitu, presidentzia eta parlamentua berrezarri eta katalana gure eskoletara itzuli zen.

Baina aurrerapenek ez dituzte katalanen itxaropenak ase. Kataluniak protesta ugari egin ditu, baina baztertu edo sententzia judizialekin erantzun izan zaie. Adibidez, 2005ean Kataluniako Parlamentuak autonomia estatutu berria onartu zuen, herrialdeak izan beharreko konpetentziak zehazten zituena. Espainiako Parlamentuak 2006an onartu zuen, funtsezko hainbat elementu kendu ondoren. Halere, 2006ko ekainean galdeketa bidez Kataluniako herriak bertsio ahuldua onartu zuen, ezer baino hobea izango zela ikusita. Gero, 2010ean, Kataluniako Gobernuaren ustez zalantzazko prozesu baten bidez, Espainiako Auzitegi Konstituzionalak baliogabetu egin zuen eta aldebakarrekotasunez berridatzi zuen zenbait puntu erabakigarri ezabatuz.

Nahiz eta euskal lurraldeei finantza-kontzesioak egin, baztertu egin dituzte Madrildik egungo sistema bidegabea arintzeko behin eta berriz egin ditugun itun fiskal eskaerak. Gobernu zentralari behar baino gehiago ordaindu diogu Espainiako lurralde pobreenak laguntzeko, baina urrunegi joan da. Espainiako lurralde askok baino diru publiko gutxiago jasotzen du Kataluniak, nahiz eta horiek baino gehiago eman. Gainera, Espainiako Gobernuak ez ditu egin beharreko inbertsioak betetzen, ahuldutako estatutuak gutxiago eskatzen badu ere.

Hainbat adibide daude Madrilekin negoziatzeko aukerak bukatu direla sentiaraztera eraman gaituztenak. Aukera bakarra subiranotasuna bilatzea da. Kataluniako Parlamenturako azken hauteskundeetan Kataluniaren etorkizunaz galdetzeko erreferenduma egiteko eskatu zen, alderdi politikoen eta jendartearen gehiengoak eskatzen duen moduan.

Erreferenduma baimentzeko bost aukera ematen ditu Espainiako legediak. Kanadak Quebec-i bi galdeketa egiteko eskubidea eman zion. Berriki, Erresuma Batuak Eskoziari datorren urtean bere independentziaren inguruan galdeketa egiteko eskubidea eman dio. Oinarrizko eskubide zibil hau lortzeko egin ditugun saiakera guztien ondoren, ordea, Espainiak ezezkoa ematen du.

Mariano Rajoyri eskatu nion 2013ko martxorako Kataluniako Parlamentuaren %80k eskatzen zuen galdeketa deialdiari erantzuna emateko. Eskaera ukatu egin zuen. Uztailean idatziz eskaera formal bat bidali nuen galdeketa egin zedin eskatuz. Erantzunaren zain gaude oraindik.

Ez dugu isolatu nahi. Katalanak oso europeistak dira eta ez dute Europar Batasunetik (EB) kanpoko etorkizunik imajinatzen. Katalunia berriak Batasuneko zortzigarren ekonomia handiena izango luke eta EBko aurrekontuen aportazioak zintzoki beteko lituzke. Elkartasun politikoa, segurtasuna eta garapen ekonomikoa indartzeko Europako kide egonkorra izan nahi dugu.

Espainiarentzako ere ez dugu txarrik nahi. Geografiak, historiak eta jendeak batzen gaitu, Kataluniako biztanleriaren %40 baino gehiago Espainiatik etorria edo Espainiarekin familia loturak dituena baita. Espainiaren anaia izan nahi dugu, berdintasunean. Dirua edo kultur ezberdintasuna baino gehiago da. Gure gizarte zerbitzuen, politikaren eta ekonomiaren gaineko kontrol handiagoa edukitzeko eskubidea eduki nahi dugu.

Edozein arazori irtenbidea emateko modurik onena arazoaren kausa ezabatzea da. Bozkatzeko askatasuna nahi dugu. Norbanako orok du bere gobernuarengandik hori jasotzeko eskubidea, irabaziak berdintasunean banatzeko eskubidea duen bezalaxe. Europan gatazkak demokratikoki konpontzen dira, eta hori da eskatzen duguna.

Gure jendarte anitzarentzako justizia eta berdintasuna nahi dugu. 7,5 milioi biztanleetatik %17 baino gehiago atzerritik etorria da. Baina hautestontzietan entzun gaitzaten elkartu gara.

Artur Mas, Kataluniako presidentea.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Katalunia independentziarantz
Junts-PSOE akordioa
Amnistia legea eta negoziazio mahai berria, legealdi akordioaren truke

Akordioaren bidez Juntsek eta PSOEk Kataluniako gatazka historikoa bideratuko duen etapa berri bat ireki nahi dute. Horretarako, bi indarren arteko negoziazio mahai bat eratu dute eta bertako edukiak eta akordioak segitzeko bitartekaritza mekanismoa adostu ere bai.


'La Directa' babestu dute ARGIAk eta beste hainbat hedabidek: "Kazetaritza ez da terrorismoa"

La Directa-k salatu du Jesús Rodríguez kazetaria inputatu izana “informaziorako eskubidearen aurkako erasoa” dela. Elkartasun manifestua plazaratu dute Rodríguezi babesa helarazteko, eta dozenaka hedabide eta erakundek sinatu dute jada, ARGIAk... [+]


La Directako kazetari bat ere "terrorismoagatik" inputatu dute Tsunami Demokratikoaren auzian

Espainiako Auzitegi Nazionalak “terrorismo-delitua” egotzi dio Jesús Rodríguez La Directako erredaktoreari eta beste hamaika pertsonari, tartean Carles Puigdemont presidente ohi eta Marta Rovira ERCko idazkari nagusiari, 2019ko epaiaren aurkako... [+]


Puigdemont eta Rovira inputatu ditu Auzitegi Nazionalak Tsunami Demokratikoagatik

Espainiako Auzitegi Nazionala 2019ko udazkeneko protestetan “terrorismo” deliturik izan ote zen ikertzen ari da. Bitartean, PSOEko eta JxCko ordezkariak Bruselan bilduta daude.


Jordien indultua egokia dela onartu dute eta Miquel Buch kontseilari ohia lau urtera zigortu

Ostegun honetan ezagutu dira bi epaiak. Batean, Espainiako Auzitegi Gorenak balekotzat eman ditu Jordi Cuixart eta Jordi Sánchezen indultuak. Bestean, Bartzelonako Auzitegiak laur urte eta erdiko kartzela zigorra jarri dio Miquel Buch Generalitateko Barne kontseilari... [+]


Eguneraketa berriak daude