Iran (Teheran)
Ez dakit zer jasotzen ari zareten Euskal Herrian Irango hauteskunde hauei buruz. Hemendik, Irango hegoaldetik, lau telebista kate baino ez ditugu jasotzen, eta denak gobernuaren kontrolpean dira. Interneten antzerakoa da egoera. BBC, CNN…denak blokeatuta, eta gobernuak Facebook indargabetu berri du (beste askoren artean) kontzentrazio deialdiak ekiditearren. Arrazoi bera dela eta, iragan ostiraletik ezin da SMSrik bidali.
Telefonoa, ordea, joka daukat beti: “Moussavi (oposizioko hautagaia) atxilotu dute”, dio Mansur nire lagunak; “10 hildako Teheranen”, Hamidek; “Entzun benetako datuak: Mussavik 13 milioi, Ahmadinejadek 9”, Rasul esfahandarrak…
Denak zurrumurruak, jakina, beste informazio euskarririk ez baitugu hemen. Eta telefonoa aipatu dudala, Teheranen dagoen Mikel Aiestaran nire lagun kazetariarekin kontaktatu nahi dudan bakoitzean, linea behin eta berriz mozten da. Ez da harritzekoa, gobernuak atzerriko kazetari guztiei abisatu die jada: bisa bukatu bezain laister, ospa egin behar dute. Eta ez dago Iranen gelditzeko baimena luzatzerik.
Besterik ez zegoenez, gaur Ahmadinejaden lehen hauteskunde osteko prentsaurrekoa ikusi dut Press TVn (ingelesezko telebista kate irandarra). Bertako nahiz kanpoko korrespontsalek galdera bana egiten zioten birhautatutako presidenteari. Tamalez, atzerrikoak baino ez dira ausartu ustezko "putxerazo" nahiz istiluen inguruko galderak egiten, eta horiexek ziren interesgarrienak.
Ahmadinejadek zera esan du 100 atxilotuen gainean (datu ofizialak): “Trafiko arauak haustu dituzte Teherango hiribide nagusi bat blokeatzerakoan, horrexegatik atxilotu ditu poliziak”.
Hurrengo galdera: “egunotan itxi diren web orriak nahiz aspalditik debekatuta daudenak aske uzteko asmorik ba al du gobernu berriak?”
Erantzuna: “Iran oso herrialde askea da, galdetu edozein irandarri.”
Eta beste bat, irandar emakume kazetari batek: “Emakumeen eskubideak bermatzeko neurriak hartuko al ditu gobernuak datozen lau urteotan?”
“Irango emakumeek gizonezkoen eskubide berak eduki ez ezik, gehiago ere badauzkate”, Ahmadinejadek…
Oraintxe bertan, Press TVk Teherango jende uholdeen irudiak ematen jarraitzen du, etengabe; Ahmadinejaden “garaipen zabala” ospatzen ari direnena, jakina.
Ezintasuna eta amorru handia sentitzen dut uneotan. Batetik, ezin dut nire lana behar bezala bete eta, bestetik, sentsazioa ezaguna egiten zait.
Bada, ez al dira etxean ere egunkariak ixten? Eta kazetariak espetxeratzen?
Bidaiatzeak hauxe erakutsi dit, funtsean: uste baino askoz ere antzekoagoak garela denok.
Ps: Portzierto, web orri honi esker jakin dut zuei ere “putxerazo” terminoa aski ezaguna egiten zaizuela jada…
Irakurri Irango hauteskunde aurrekoari buruz Karlos Zurutuzak idatzitakoa