Arnaud Abbadie: "Herriek aski lan badute bizitzen, holako neurriekin hustuko dira segur"

  • Arnaud Abbadie laborari ari da Amorotze-Zokotzen. Haragitarako behiak hazten ditu eta barazkiak lantzen, Angeluko azokan saltzen dituena. Herriko alkate ere bada eta berrikitan parte hartu du PAC legeak nekazari txikiei ezarri nahi dien bazterketaren kontrako protestan.


2013ko abenduaren 04an - 00:00
Azken eguneraketa: 2015-02-26 13:37:33
"Zailtasunak badira bixtan da, laborantxa munduan badira beti. Bakotxak bere ahalen arabera arizan behar du. Gauzak karkulatu, sobera gastu egin aintzin... Ez da etsitu behar".

Nolako etxaldea duzu?

Amorotzen laborari gira emaztea eta biak, etxalde ttipi batean. Orotarat 30 hektara ditugu, bainan 20 hektara kabalendako erabilgarriak. Horietan 15 bat hektara pentze dira, eta gaineratekoan artoa egiten dugu. Behi gorriak hazten ditugu, 30 buru orotarat, haragia direktuki saltzeko kontsumitzaileari.

Barazkiak ekoizten dituzue ere...

Bai barazkiak ekoizten ditugu 3.000 m2tan, dena kanpoan, barazki mota guziak baditugu, sasoinekoak. Emeki emeki hasi ginen barazkiekin. Haragia saltzen ginuelarik, ikusten ginuen jendeak galdegiten zuela. Guretako ere, aiseago da gaineratekoaren saltzea barazkiekin batean. Produkzione hortaz kontent gira. Lana bada bainan direktuki salduz, garbi da. AMAPekin guti ari gira, Angeluko merkatuan saltzen dugu dena, ostegunetan eta igandetan. Gure klientela guzia kasik, han da, Baiona, Angelu eta Miarritzen.

Haragia betidanik zuzenki saltzen duzue?

2008an hasi ginen transformatzen, eskuin esker, Donapaleun, Landesetan... Duela bi urte, Anauzeko Xuhito koperatiban sartu gira. Moztea, sukaldetzea, etab, hor egiten dugu. Ahatxe guziak kolietan pasatzen ditugu. Lau edo bost behi gizentarazten ditugu ere urtean.

Biak laborantxaz bizi zirezte. Zailtasunik bada?

Zailtasunak badira bixtan da, laborantxa munduan badira beti. Bakotxak bere ahalen arabera arizan behar du. Gauzak karkulatu, sobera gastu egin aintzin... Ez da etsitu behar. Guk ikusten dugu kargen aldetik, asurantzak adibidez biziki emendatzen ari direla. Gure gauzak aldiz ez dira goiti joaiten. Hori da betiko problema. Haragia, duela 30 urte ala orai, prezio berdina da makiñonarekin. Beste bide bat atxeman behar da, ahal bada, hobekiago saltzeko.

Laborari eta auzapez bezala, Baionan zinen joan den astezkenean. Zer diozu Europako laborantxa politikaz?

Laborantxa politikako dirua Frantziatik eta Europatik heldu da. Denen dirua da. Gutienez untsa partekatua izan behar luke. Ikusten dugu zereala egileek eta laborari haundienek parte haundia biltzen dutela. Pean ere, gu bezalakoeri errepartitu behar litaike diru hori. Aipatzen diren proposamenak ez dira batere onak. Sekula 30 behiz petik ez bada primarik emaiten, gure herriak hustuko dira. Deia aski lan badute bizitzeko, holako neurriekin segur hustuko dira. Eta ez da bakarrik laboraria geldituko lanik gabe, itzulian diren guziak ere, izan hargin, maixturu, komertzio...

Arrazoin horiendako zinen Baionan...

Bai. Auzapez gisa joana nintzan. Ez da gure burua bakarrik konda. Laborari guzien salbatzea dugu nahi. Bihar ez bada laboraririk herrietan, edo bat edo biga bakarrik, zer balio du herrian bizitzeak? Jendea begiratu behar da herrietan.

Amorotze eta Amikuze alde hortan, arrangurak badira laborari eskasagatik?

Bai arrangurak badira, denetan bezala. Batzu menturaz gutiago hunkiak dira, etxalde gotor ainitz baita. Bainan denak prima horieri lotuak dira zer nahi gisaz.

Geroari buruz, zer ikusmolde duzu, konfiantxazkoa ala arrangura?

Beti behar da konfiantxa hartu. Ez iziturik egon. Halare, gero eta nekeago izanen dela laborariendako iduritzen zaut. Enpresa haundiek ez dute gehiago pagatuko. Supermerkatuetan, beti janariari buruz ari dira promozione egiten. Beste gauzak untsa pagaturik ere, beti haragia edo baratzekietan dira prezio apalen egiten ari, jendea biltzeko. Horrek erran nahi du ez dutela gehiago pagatuko laborarieri. Beste bide batzu hartu behar dira, gauzak hobeki saltzeko.

Bio bidea hortarako hartu zinuen?

Bai. Erran behar da halare biziki denbora hartzen duela hola lan egiteak, merkatuak egiteak, zuzenki saltzeak. Ez da etxalde sobera haundia behar. Bainan mozkina ere hor da. Jendeak prezio onetan erosten du. Beste sistimatik baztertzeko bide hori hartu ginuen 2008an.

Erosleek janari segurraren arrangura badute?

Merkatuetan seurik ba. Jendeak galdegiten du, bio, edo bederen segur izan nahi du etxaldetik heldu dela.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Laborantza
2024-04-11 | Estitxu Eizagirre
Otxantegi Herri Lurraren II. urteurren jaia
"Otxantegiko lur emankorrak ezin dira porlan azpian geratu, arnasgunea izan behar dute"

Apirilaren 13an egitarau indartsua prestatu dute Berangoko Otxantegi Herri Lurra proiektuaren II. urteurrena ospatzeko. Apirilaren 18an, aldiz, bigarren desalojo saiakeraren mehatxua izango dute gainean eta herritarrei dei egin diete proiektua defendatzera joateko. Kideetako... [+]


2024-03-18 | Garazi Zabaleta
Nekazariak eskolan
Eskola ezin bada baserrira igo, baserria jaitsiko da ikastetxera...

Hamar urte baino gehiago daramatza martxan Arabako Nekazariak Eskolan proiektuak, Hazi fundazioak zenbait ekoizlerekin elkarlanean bultzatzen duena. Haur eta gaztetxoak nekazal mundutik geroz eta deskonektatuago bizi diren garaiotan, inoiz baino beharrezkoagoa da elkar... [+]


Nafarroako nekazaritza-ekoizpen ekologikoak lurren %25 kudeatu nahiko lituzke 2030ean

Nafarroako sektore ekologikoa egonkor mantendu da azken urtean eta nekazaritza ekoizpena %5 handitu da. Nafarroako Nekazal Produkzio Ekologikoaren Kontseiluak erronka du 2030. urterako: lurren %25 ekologikoa izatea. "Bide horretan ari gara lanean, ahalik eta nekazari eta... [+]


Semilla y Belarra elkartea sortu dute Nafarroako O6 nekazarien mugimendutik

Aste honetan sortu da elkartea eta datorren astelehenean, hilaren 18an, laborarien sindikatuek Jose Mari Aierdi kontseilariarekin izango duten bileran egongo da.


2024-03-14 | Leire Artola Arin
EAEko nekazaritza lurren %5ak soilik dauka ziurtagiri ekologikoa

Gorantz egiten ari da nekazaritza ekologikoko eredua Araba, Bizkaia eta Gipuzkoan, Ekolurra Kontseiluak baieztatu duenez, baina Europako Itun Berdeak 2030erako helburutzat duen %25etik urrun dago oraindik.


Eguneraketa berriak daude