Eusko Jaurlaritzako Barne Sailburu postua utzi du Rodolfo Aresek, PSE-EEren hauteskunde kanpaina gidatzeko. Balorazio egunean eskerrak eman dizkio Patxi Lopezi “lehen Jaurlaritza sozialistako kide izateko aukera emateagatik”. "Gauzak ongi egin izanaren satisfazioarekin" doala esan zuen atzo medioen aurrean, nahiz eta badakien gauza batzuk gaizki egin direla. Bere jarduneko puntu esanguratsuenak laburtzen saiatu gara.
2009ko maiatzaren 5ean Patxi Lopez lehendakari izendatu zuten Eusko Legebiltzarrean PPren babesarekin. EAJk 35 ordezkari lortu zituen, ezker abertzalea ilegalizatuta zegoen, eta 39 botorekin lehendakaritza eskuratu zuten sozialistek.
2009ko maiatzaren 8an Rodolfo Ares Eusko Jaurlaritzako Barne Sailburu izendatu zuen Lopezek. Lehendakariaren "eskuin eskua" izan da ordutik.
2009ko maiatzaren 21ean presoei bisitak egiteko senideek jasotzen zuten diru laguntza kentzeko "bitarteko guztiak" jarriko zituela adierazi zuen.
2009ko ekainaren 19an ETAk Eduardo Puelles polizia hil zuen Arrigorriagan. Hurrengo egunean aurpegia agerian zuten ertzainek presoen aldeko pankartak kendu zituzten, Aresen "Zero Tolerantzia" politikaren hasiera.
2009ko udan istiluak izan ziren herri ugaritan manifestari eta ertzainen artean. Batzuk nabarmentzearren, Donostian abuztuaren 8an, Gernikan eta Lekeition irailaren 6an izandakoak.
2009ko urriaren 12an lehen aldiz Eusko Jaurlaritzako ordezkaritza izan zen Espainiako Jai Egun Nazionalean Madrilen. Rodolfo Ares eta Arantza Quiroga joan ziren desfilera.
2009ko urriaren 29an ertzainen jubilazio adina 60 urtera aurreratzea onartu zuten.
2010eko urtarrilean Ertzaintzak Ipar Euskal Herrian ETAren aurka aritzeko hitzarmena egin zuten Eusko Jaurlaritzak eta Frantziako Estatuak.
2010eko apirilaren 10ean Ares eta Rubalcabak adierazi zuten Bilduren hauteskunde zerrenda guztiak "lupaz begiratuko" zituztela.
2010eko apirilaren 23an Aresek salaketa jarri zien Haizea Ziluaga eta Alfonso Zenon abokatuei, hauek Ertzaintzari egotzi baitzioten atxilotuak torturatu izana. Kasu honetako lehen salaketa izan zen.
2010eko martxotik irailera Aresek hikamikak izan zituen eskolta pribatuekin, horien murrizketa iragarri eta indarrean jarri bitartean.
2010eko irailaren 5ean ETAk su etena iragarri zuen BBC katera bidalitako bideo batean.
2011ko irailaren 21-23 egunetan Bilboko Kukutza gaztetxea hustu eta eraitsi zuten istilu gogorren artean. Ekintza horietan Ertzaintzak ibilitako jarrera gogor kritikatu zuten, eta Aresek adierazi zuen erabilitako indarra "proportzionala" izan zela. Iñigo Lamarca Arartekoak ikerketa eskatu zion.
2011ko urriaren 20an ETAk jardun armatua amaitutzat jo zuen.
2012ko urtarrilean lehen desadostasunak Espainiako Barne Ministro kargura iritsi berria zen Fernandez Diazekin.
2012ko otsailean EAEn presentzia duten Espainiako segurtasun indarren murrizketaren alde agertu zen.
2012ko martxoaren 29ko greba orokorrean Xuban Nafarrete larri zauritu zuen Ertzaintzak. Aresek akusazio guztiak ukatu zituen eta Legebiltzarrean agerraldia egin zuen.
2012ko apirilaren 9an Ertzaintzak Iñigo Cabacas hil zuen hurbiletik buruan emandako pilotakada baten ondorioz. Ares egin zuen oposizioak heriotzaren erantzule eta honek ikerketa agindu zuen. Ez zen inor auziperatu.
2012ko apirilaren 25ean Aresek adierazi zuen 2013rako gomazko pilotak debekatu eta ertzain uniformedunak identifikatzeko plana zutela.
2012ko maiatzean publikoki ukatu zuen Espainiako Gobernua ETAren amaierari buruz zabaltzen ari zen mezua. Aresek adierazi zuen beren informazioaren arabera, ETA ez zela kide berriak lotzen ari.
2012ko abuztuaren 29an Eusko Jaurlaritzako Barne Ministro kargua utzi zuen, PSEren hauteskunde kanpainaz arduratzeko.

Kazetaritza independentea eta profesionala egiten dugu, euskaraz eta euskaldunontzat.