Antzerkiolaren arrakastaz pentsamendu erraz eta arin batzuk, mundu guztiak ulertzeko modukoak
Gorka Bereziartua| 2009-11-04

handitu txikitu

Notizia txiki bat, primizian beharbada, eskaini behar dizuet gaurkoan: atzo teatro bat bete zen euskal antzezlan batekin. Eta ez zen ikuskizun arin bat, ezta arrakastazko erdal antzezlan baten hala moduzko itzulpena ere. Antzerkiola Imaginarioaren Babiloniako loreak obrak lortu zuen balentria, istorio xume, hunkigarri eta, une batzuetan, barregarriarekin.

Ines amonaren azken egunak kontatzen dizkigu Hegoak: nola itzaltzen doan pixkanaka, leihotik zaldiak ikusten dituen bitartean, barrua zuloz beteta daukala esanez. Eta nola, itzaltzen ari den neurrian, putreak eta otsoak hurbiltzen diren haren ohe ingurura: apaiza eta politikaria, medikua eta enterradorea.

Ander Lipusek bikain jokatu zuen Inesen rola. Oso etxekoa egin zitzaidan bizkaiera bikainean eta erdara traketsean hitz egiten duen amona hori. Istorioaren berezko kolore tristeari kontrapuntu polita jartzen diote gainontzeko pertsonaiek, bakoitza bere komikotasunean, txaranga musikarekin taularatzen direnean.

Gustura atera ginen antzerkitik, sartu aurretik geneuzkan aurreikuspenak gaindituta. Baina esnatzean, dinosauroa han zegoen oraindik: etxean ETB2 jarri, eta Bilbao, Bilbao musikalari minutuak eta minutuak ari ziren eskaintzen. Nire baitarako: noiz egingo dute antzeko zerbait gaur ikusi dugun obrarekin?

Gezur handi bat baitabil azken aldian ozenagotzen nire belarrietan: jendeari produktu errazak eskaini behar zaizkiola; osterantzean ez duela libururik irakurriko, musikarik entzungo, antzezlanik ikusiko. Eta horregatik informatibo publikoan Dan Brownen azken liburuaz hitz egiten dizute edo La Oreja de Van Gogh-en disko berriaz. Euskaraz, noski, ez da eduki errazik sortzen.

Ba, andre-jaunok, ez nago ados. Atzoko Antzerkiolaren arrakastak erakusten du, erakutsi behar baldin bazen, kalitatezko lanak eskainita ere jendea biltzen dela erruz. Ez dela publikoa tontotzat hartu behar, noiz eta, nahita edo nahi gabe, inoizko kultur mailarik handiena daukanean, edo edukitzeko aukera behintzat.

Iruditzen zait “erraza”-ren eta “arina”-ren aldeko diskurtso horiek nahiko ustelduta geratzen ari direla: hor ere ALDAKETA bezalako hitz potoloak sartzen hasi beharko dugu agian. Orduan, zeinek daki, lortuko dugu agintari publikoren batek kasu egitea, eta telebistan behar bezalako kultur edukiak emititzen hastea.

Bien bitartean, gomendio bat: ez galdu Babiloniako loreak ikusteko aukera.

[Irakurri Boligrafo Gorria blogeko artikulu guztiak]

Twitter  Delicious  Digg

Lagun bati bidali

Izartxoaz (*) markaturiko datuak derrigorrez bete beharrekoak dira.
Zure izena*
Zure e-posta*
Lagunaren izena*
Lagunaren e-posta*
   

Iruzkina idatzi

Izartxoaz (*) markaturiko datuak derrigorrez bete beharrekoak dira.
Izena*
E-posta*
Beste norbaitek idazten badu abisua ematea nahi duzu?
Idatzi segurtasun kodea:
 
Jaso egunero email bakarrean eguneko 10 albisteak. Dohainik.

Publizitatea

Jarraitu ARGIA
       
FacebookFacebook TwitterTwitter
   
RSSRSS-a BuletinaBuletina
   
Argia.com

© 2008 ARGIA.com - Komunikazio Biziagoa
Industrialdea, 15 · 20160 Lasarte-Oria (Gipuzkoa)
Tlf: 943 371 545 - 943 373 403

Laguntzaileak

Gipuzkoa Eusko Jaurlaritza Bizkaiko Foru Aldundia