Europako Giza Eskubideen Auzitegiak Espainiako Estatua zigortu du Ines del Rio presoari 197/2006 sententzia (Parot doktrina) aplikatzeagatik. Presoa "eperik laburrenean" askatzeko eskatu du eta 30.000 euroko kalte ordaina eman beharko dio kalte moralengatik. Ines del Rio Prada presoaren abokatua elkarrizketatu du Berriak. Estrasburgok Parot doktrina-ren inguruan kaleratutako sententziak (pdf) antzeko egoeran dauden beste presoengan eragina izango duela dio Amaia Izkok.
“Estrarburgoko tribunalak egoera bat bota du atzera, ez du esan Inesen kasuan zehaztasun batzuengatik urratu direla eskubideak”. Espainiako Gobernuak sententzia ez betetzea erabaki dezake eta “eskubideen urraketaren bidean sakondu”, dio abokatuak.
Elkarrizketako hainbat pasarte:
“Estrasburgoko tribunalak esan badu egoera honek oinarrizko eskubideak urratzen dituela, nire ustez, Estatu espainiarrak ezin dio egoera horri eutsi. Ez da logikoa bakoitzak helegitea jarri behar izatea. Egoera bat bota du atzera, ez du esan Inesen kasuan zehaztasun batzuengatik urratu direla eskubideak. Ez. Esaten duena da horrela egiteagatik urratzen dituela eskubideak, atzera eraginkortasunarekin aplikatzeagatik. Beraz, egoera horretan dauden preso guztiak askatu beharko lituzkete.”
“Hala ere, beste kontu bat da Estatuak jadanik esan duela ez duela asmorik Estrasburgori jaramon egiteko, eta bere eskubide urraketarekin jarraitu nahi duela. Ikusi beharko da zer jartzen duten martxan horretarako, eta erantzun beharko diogu. Gu aztertzen ari gara nola lortu ebazpen honek gainerako kasu guztietan eragitea.”
“Orain arte Estatuak erakutsi duena da berdin zaiola legediak urratzea bere egitasmoak aurrera ateratzeko. Beraz, egin? Nik uste dut egingo duela nahi duena, baina jarraituko du sakontzen eskubideen urraketaren bidean, eta egoera erabat ez demokratiko batean. Prest dagoela? Ikusi dugu eskubide guztien gainetik saltatzeko prest dagoela bere interesak aurrera ateratzeko, eta ematen du hori egiten segitu nahi duela. Ikusi beharko duguna da lortzen duen edo ez.”

Kazetaritza independentea eta profesionala egiten dugu, euskaraz eta euskaldunontzat.