“Ama hizkuntza pentsamendua sortzen duen bakoitzaren hizkuntza da”

  • Korrikaren 18. edizioa, Euskal Herri osoa hamaika egunez zeharkatu ostean, Baionara iritsi zen atzo goizez, ibilbideari amaiera emateko. Goizeko 11ak igarota sartu zen Lapurdiko hiriburuan, eta bertan ordu eta erdi luze egin ostean amaitu zen lasterketa, Herriko Etxearen parean. Egun eguzkitsu eta jendetsua izan zuen Korrikak amaiera ospatzeko, eta euskal herrialde guztietatik gerturatu zen jendea.


2013ko martxoaren 25an - 00:00
Azken eguneraketa: 2015-02-26 13:37:33
AEK-ko kideak Amets Arzallusekin, Korrikaren amaieran (argazkia: noticiasdenavarra.com)

AEK-ko arduradunek hartu zuten lekukoa azken aldiz, Baionako Herriko Etxearen pareraino eramateko. Bertan, Amets Arzallusek eskaini zituen Korrikaren azken hitzak, lekukotik atera zuen mezuan idatzi zituenak:

Ama hizkuntza

Ama hizkuntza esaten dugu hizkuntzak erditzen gaituelako.

Erditzen esaten dugu amak gu egiten gaituenean guk ere bera egiten dugulako ama, elkar egitea da erditzea. Antzeko zerbait gertatzen da hizkuntzarekin ere. Hizkuntzak egiten gaitu gu eta guk egiten dugu hizkuntza. Elkarren lekuko gara. Elkarri emanez bizi gara. Hizkuntzak guri eta guk hizkuntzari, arnasa eta izatea.

Ikasten ari denak ematen dio irakasten ari denari zentzua. Irakasten ari denak ematen dio hiztun zaharrari norabide berri bat. Hiztun zaharrak eman behar dio ikasten ari denari eskua. Denok eman behar diogu elkarri euskara.

Euskara da ene ama hizkuntza. Baina ama hizkuntza zer da? Ama hizkuntza ez da lehenik ikasten den hura, ez da amaren magalean jaso genuen hura, ama hizkuntza da, enetzat, pentsatzeko baliatzen dugun hizkuntza. Gure arrazoiak eta irudiak nola fabrikatzen ditugun han dago gure ama hizkuntza. Eta posible da, bizitzan zehar, euskara ama hizkuntza bilakatzea, euskaraz pentsatzen ikastea. Bide horretan zatoztenoi miresmen eta goraintzi, eta norbaitek esaten baldin badizue zuek euskaldun berriak zaretela, edo euskara ez dela zuen ama hizkuntza, esaiozue zaharra izatea ez zaiola inori gustatzen, eta bide batez, esaiozue, ama hizkuntza ez dela lehenik ikasten den hura, pentsamendua sortzen duen bakoitzaren hizkuntza baizik.

Herri hau ere euskaraz pentsatuko dugu, edo ez da izanen. Hautatzen diogun ama hizkuntzaren arabera dago gure herriaren geroa. Erdaraz mintzaraziko gaituztela? Badakigu hori. Herri honek pentsatu beharko du zerbait erdarari buruz, baina herri hau ezin da pentsatu erdaraz, herri hau euskaraz pentsatuko dugu, edo ez da izanen.

Herri bat erditu nahi badugu, inork erditzekotan, ama hizkuntzak erdituko gaitu.

Jarraian, bideoan, Arzallus testua irakurtzen agertzen den unea.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Korrika
2024-03-25 | Leire Artola Arin
Burbuilaren ostean badago zer erein

Irundik Baionara, ezin ezkutatuzkoa izan da 23. Korrikak eragindako harrotasuna. ‘Herri Harro’ leloak zentzua hartu duela ikusi dugu lekuko hartzaileen aurpegietan, eta atzetik euskararen alde oihuka aritu diren korrikalariengan. Bakoitzak bere gorputzetik eta bere... [+]


Inoizko Korrikarik ikusiena izan da

1.700.000 ikustaldi izan ditu EiTBren emanaldiak –Hamaika TBrenak gehitu behar zaizkio–. Pozik agertu dira AEKko arduradunak: “Inoizko Korrikarik erraldoi eta anbiziotsuena lortu dugu, herria harro egoteko modukoa”.


Ane Elordi: "Batasunaren Korrika izan da"

11 egunetan bizipen hunkigarri asko bizi dituela esan du Ane Elordik Euskadi Irratian. “Aje emozionala, bi urtetan egindako lana, kideak ondoan izanik, eskertza, babesa, Euskal Herri osoa Baionan elkartu da... Momentu oso bereziak bizi izan ditugu azken egunean”.


Eguneraketa berriak daude