Erreskate ekonomikoa ordaindu eta gero, “pirata somaliarrek” Alakrana euskal atunontzia eta bere tripulatzaileak libre utzi dituztenez gero, ordua da hainbat hausnarketa egiteko bahiketa horren inguruko beste “pirateria” batez: enpresariala, mediatikoa, politikoa eta judiziala.
Inguru horretan operatzen duten euskal armadoreek eta beste batzuek, ez al dituzte Somaliako eta Afrikako gune hartako kalak espoliatzen eta agortzen? Zergatik hedabide handiek ez dute Somaliako benetako pobreziaren eta bere kalen garbiketaren berri eman, eta aldiz ustezko “eskubide Estatua” haizatu dute justifikatzeko ezin dela “terroristekin” negoziatu, arriskuan jarriz bahitutako tripulatzaileen bizitza? Espainiako Gobernuko eta EAEko politikariek, zergatik jarri zuten arriskuan negoziazioa eta zergatik atzeratu zuten bahituen aske uztea, bi “pirata” horiek atxilotuz, Madrilera ekarriz eta “zigor eredugarria” ezarriz? Ez al zuten aplikatu nahi izan “biolentziarekin eta biolentoekin ez da negoziatzen” tesia, baina hipokresiaz azkenean, eta zorionez, justu kontrakoa egin behar izan dute? Auzitegi Nazionaleko epaileek, ezker abertzalearen kontrako auzietan edota Egin eta Egunkaria auziak erabakitzeko urteak “behar” izan dituzte; zergatik bizkortu dute orain sumarioa eta saiatzen ari dira hilabeteren buruan erabakitzen?
Bahiketa honen ebidentzia bakarra da, armadoreak derrigorturik Somaliaraino lan egitera joandako Alakranako 36 tripulatzaileak izan direla pirata gisara jokatu ez duten bakarrak; alderantziz, “pirateria” ezberdinen biktima izan dira. Azken datu bat: Alakranako 36 tripulatzaileetatik soilik zazpi dira euskaldunak. Gainerakoak dira: zortzi galiziarrak, andaluziar bat, hamar afrikarrak eta beste hamar asiarrak. Hori da gure arrantza flotaren errealitatea!
© 2008 ARGIA.com - Komunikazio Biziagoa
Industrialdea, 15 · 20160 Lasarte-Oria (Gipuzkoa)
Tlf: 943 371 545 - 943 373 403