Ekologistak Martxan taldeak airearen kalitateari buruzko 2011ko txostena (PDF) argitara eman du eta Hego Euskal Herriko biztanle gehienek aire kutsatua arnasten dutela ondorioztatu du. Zonalde kutsatuenak Bilbo eta ingurua dira EAEn eta Iruñerria Nafarroako Foru Erkidegoan.
Arnasten diren gai kutsagarrien motari erreparatuz gero, Hego Euskal Herrian PM10 eta PM2,5 motako partikulak Osasunaren Mundu Erakundeak (OME) gomendatutako mailen gainetik daude. Aireko partikulen tamainaren arabera egindako sailkapena da: PM10 partikulak 10 mikrometro baino txikiagoak dira eta arnas aparatuko hodi meheenetaraino irits daitezke. PM2,5 motako partikulak berriz, 2,5 mikrometro baino txikiagoak dira eta arnas aparatutik odolera ere iritsi daitezke daukaten tamaina txikiagatik.
EAEn PM10 eta PM2,5 motako partikulak OMEk gomendatutako mailen gainetik daude ia eskualde guztietan, Arabako lautada, Enkarterriak eta Nerbioi Ibarrean salbu. Bilbo da airearen kutsadurari dagokionez punturik beltzena, jarduera industrialak eta trafiko handiak eraginda. Nafarroako Foru Erkidegoari dagokionez, Iruñerria eta Tutera agertzen dira aire kutsatuena duten gune gisa.
Mikropartikulez gain, Hego Euskal Herriko airean sufre dioxidoa eta ozono troposferikoa ere aurki daitezke, besteak beste. Sufre dioxidoari erreparatuz gero, Arrasate eta inguruko herriak, Muskiz, Santurtzi eta Abanto dira inguru kutsatuenak, baita Iruñea ere, Landabengo industriguneko emisioen ondorioz. Ozono troposferikoa berriz, kostaldean, Goierrin, Deba garaian, Ibaizabalen, Zangotzan, Tuteran eta Arabako Erriberan agertzen da bereziki.
Kazetaritza independentea eta profesionala egiten dugu, euskaraz eta euskaldunontzat.