Jérôme Cahuzac Frantziako aurrekontu ministro delegatuak France2 telebistan iragarri duenez, bertan behera utzi beharko dituzte Sarkozyk aurreikusitako zenbait egitasmo kontu publikoak orekatu ahal izateko. Proiektu horien artean daude AHTren 14 linea berriak, Bordele eta Hendaia artekoa kasu. Oraingoz ez dute zehaztu zein linea gera daitezkeen egin gabe.
Jérôme Cahuzacek Sarkozyren gobernuaren "handikeriari" leporatu dio AHT zabaltzeko hainbat proiektu aurreikusi izana. Gaineratu du 260.000 milioi euro behar direla linea guztiak gauzatzeko eta estatuak finantzazioaren heren bat bere gain hartu beharko lukeela.
Chauzacen esanetan Gobernuak ikerketa bat eskatu du zer den "beharrezkoa" jakiteko eta zer ordaindu dezaketen zehazteko.
AHTaren defendatzaile den Akitaniako Kontseiluak esan du ministro baten hitzei ez diela erantzungo eta Frantziako Gobernuaren erabakiaren zain geratzen dela.
Bordele-Hendaia AHT linea berriaren aurka diren taldeek aldarrikatzen dute dagoeneko martxan dagoen AHT linea zerbitzua egokitzearekin nahikoa dela. Chauzacek arrazoi eman die, izan ere, Frantziako Gobernuak egokitzea "hobetsi" beharko duela esan du.
Jaurlaritzaren jarrera kritikatu du AHT Gelditu! Elkarlanak
Frantziako Gobernua AHTren inguruko neurriak har ditzakeen bitartean Eusko Jaurlaritzak eta Espainiako Gobernuak dirua "xahutzen" jarraitzen dutela salatu du AHT Gelditu! Elkarlana.

Kazetaritza independentea eta profesionala egiten dugu, euskaraz eta euskaldunontzat.