Ahotseneak epea ireki den egun berean bete du programazioa

  • Durangoko Azokan aurkezpenetarako eta zuzenekoetarako prestatzen den Ahotsenea guneko izen-ematea egun bakarrean bete da. Abenduaren 5etik 8ra bitartean 80 aurkezpen eta zuzeneko emanaldi antolatu dituzte.


2014ko irailaren 17an - 00:00
Azken eguneraketa: 2015-02-26 13:37:33
40 aurkezpen eta 40 zuzeneko programatu dituzte Ahotsenean.(Arg.:Ahotsenea)

Astelehen goizean zabaldu zen Durangoko Azokako guneetan aurkezpen proposamenak egiteko epea. Ahotseneak epea ireki den egun berean osatu du behin behineko programazioa. Iaz bi egunetan osatu zen.

Eguerdirako jada beteta zegoen zuzeneko kontzertuetarako tokia. Halaber, literaturzale ugari ere solasaldietarako toki gabe geratu dira.

Antolatzaileak pozik agertu dira erantzun horrekin. Durangoko Azokako sortzaileen artean “harrera ezin hobea” jaso dutela eta “funtzionatzen duen eredu baten" erakusgarri dela adierazi dute. Bestetik, ordea, pena eragin die toki faltaren erruz eskaera guztiei ezin erantzuteagatik. 

Horregatik, inor bere lana aurkezteko aukerarik gabe geratu ez dadin, irtenbidea bilatzen saiatuko direla jakinarazi dute antolatzaileek. Beste guneekin proposamen guztiei leku egiteko aukerak aztertuko dituzte.

Gainontzeko guneen epea oraindik zabalik

Azokako gainontzeko guneetan proposamenak aurkezteko epeak zabalik jarraitzen du. Areto Nagusia, Sagusanbara, Irudienea, Kabi@, Szenatokia eta Azoka TB guneetarako aurkezpen-proposamenak Durangoko Azokaren webgunean egin behar dira.


Eguneraketa berriak daude