Ahotsa.info komunikazio proiektuak hartuko du Ateak Irekiren lekukoa Nafarroan

  • Ahotsa.info izanen da Nafarroako herri mugimenduei ahotsa emanen dien informazio-bozgorailu berria. Twitter kontuaren bidez eman dute ezagutzera Ateak Ireki eta Apurtu.org atarien oinordeko izanen dena.


2014ko urtarrilaren 28an - 00:00
Azken eguneraketa: 2015-02-26 13:37:33

Nafarroan "eraldaketa soziala eta politikoa bultzatzen laguntzeko" helburua du proiektuak. Herritarren aldarrikapenak, eskaerak eta askotariko egitasmoak zabaldu nahi dituzte.

Ion Telleriak Naiz.info-n jaso duenez, "erredakzio taldea herri mugimenduan ari diren pertsonek eta komunikazio proiektu ezberdinetatik datozenek osatuko dute". Ondoren, gutxinaka lurralde osoan kolaboratzaile sarea ehuntzea da asmoa.

Gaurkotasuneko gaiak izanen dira ardatz, Nafarroan gertatzen ari denaren erakusleiho izateko; horiek ikus-entzunezko edukien bidez landuko dituzte, batik bat. Bestalde, deialdi anitzetarako agenda sortuko dutela eta iritziei tartea irekiko diete eta askotariko gai zehatzen inguruko erreportajeak osatzeko nahia azaldu dute.

Auzolanean eraiki eta elikatuko duten ataria sortu asmoz Crowdfunding kanpaina martxan da; herritarren ekarpenekin dien Nafarroako komunikazio atari berria izanen dena finantzatzeko. 4.100 € lortu dituzte baina proiektua abiarazteko 12.000 behar dira gutxienez. Halere, 20.000 € lortzea da erronka.  

Urtarrilaren 17an mahai-ingurua antolatu zuten Iruñeko Katakraken.  “Herri mugimenduak aldaketa politiko eta soziala gauzatzeko ahotsa behar al du?” galderari erantzuteko hainbat hedabide herritarretako kazetariak gonbidatu zituzten haien esperientziak kontatzeko. Info 7 irratiko eta Naiz.info-ko Ion Telleria, ARGIAko Lander Arbelaitz, El Diagonal egunkariko Gonzalo Garate eta Donostiako Piztu.info atariko Amaia Garcia.

Espainiako Auzitegi Nazionalak Ateak Ireki webgunearen itxiera agindu zuenetik, Nafarroako herri mugimenduek “ahotsa” behar dutela aldarrikatu dute azken asteotan. Ahotsa behar dugu dinamikaren bidez komunikazio tresna herritarren beharra azpimarratu da.

Oraingoz Twitter eta Facebookeko kontuak erabiltzen ari dira, baina laster abiaraziko dute webgunea ere. Bestalde, Ateak ireki ataria martxan da egunotan azaroaz geroztik itxita egon ondotik.

 


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Ateak Ireki
2014-02-24 | ARGIA
Ahotsa.info jaio da, Ateak Irekiren lekuan eta sendoago

Nafarroako eraldaketa sozialera bidean “herriari ahotsa” emango dion tresna izan nahi du proiektu komunikatibo berri honek. Espainiako Auzitegi Nazionalak Ateak Ireki webgunea itxi ondoren abiatu zuten “Ahotsa behar dugu” dinamika, eta horren ondorioz... [+]


2014-02-20 | Ane Lusarreta
Ahotsa.info ostiralean aurkeztuko dute

Ahotsa.info herri komunikabide berria aurkeztuko dute bihar Iruñean. Nafarroan sortu nahi duten eraldaketa sozialera bidean “herriari ahotsa” emango dion tresna izan nahi du proiektu komunikatibo berri honek.


2014-01-13 | Topatu.eus
Crowdfundinga Nafarroako herri mugimenduen informazio-bozgorailua eraikitzeko

Espainiako Auzitegi Nazionalak Ateak Ireki webgunea ixtea agindu zuenetik, Nafarroako herri mugimenduek komunikatzeko tresna propioak behar dituztela aldarrikatzen ari dira sarean ‘Ahotsa behar dugu’ dinamikaren bidez.


Nafarroan herri hedabide baten beharra aldarrikatzen ari dira

Nafarroan "ahotsa" behar dutela aldarrikatzen ari dira egunotan Ahotsa Behar Dugu Twitter kontutik. Ateak Irekiren itxieraren ostean, herri hedabide baten aldeko aldarrikapena da.


Eguneraketa berriak daude