AEBetako guda makineriak geroz eta pieza atzerritar gehiago ditu


2005eko azaroaren 26an - 00:00
Azken eguneraketa: 2014-03-25 09:12:01
Irak bonbardatzen hasi aurretik, 2003ko martxoaren bueltan, Pentagonoaren kezka nagusietako bat soldadu estatubatuarrak eraso biologiko eta kimiko hipotetikoengandik babestea zen. Besteak beste, babes bereziko jantziak egiteko agindua eman zuen eta horrek agerian utzi zuen armagintzaren esparruan Ameriketako Estatu Batuetan (AEB) geroz eta indar handiagoa duen fenomenoa: atzerriko enpresen geroz eta parte-hartze handiagoa. Aipatu jantzien kasuan, esaterako, Alemania, Austria, Finlandia, Ingalaterra eta Japoniatik eramandako piezak erabili zituen pentagonoak. Lehen, beharrezko material guztia bertako enpresek ekoizten zuten. Jada ez. Atzerriko enpresek, noski, bezero pribilegiatua topatu dute eta gustura ageri dira. Eta Etxe Zuriari ere ez dirudi gehiegi axola zaionik, ekonomikoki eta estrategikoki abantailak ekartzen baititu. Hala ziurtatu du Leslie Wayne kazetariak The New York Times egunkarian idatzitako erreportajean. Eraso kimikoen aurkako babes jantziena adibide bat besterik ez da. Eraikitzen ari diren hegazkin espioi sofistikatua Embraer brasildarraren oinordekoa da, gerra-itsasontzi berriek ere modelo atzerritarrak izango dituzte oinarri, Predator hegazkinak eta Tomahawk misil ezagunak atzerriko enpresen laguntzari esker eraiki dituzte, presidentearen hurrengo helikopteroa britainiarrek, frantziarrek eta estatubatuarrek osatutako partzuergoak eraikiko du... Atzerriko enpresen presentzia oraindik baxua den arren, Kongresuko hainbat kideren artean ezinegona piztu du. Duncan Hunter Kaliforniako ordezkari errepublikar eta Indar Armatuen Batzordeko buruak, adibidez, AEBetako enpresen salmentak sustatzeko asmoz, indarrean dauden legeak gogortzearen aldeko kanpaina darama aurrera. Berarekin bat datozen politikariak beldur dira atzerriko enpresen parte-hartzeak barne segurtasunean pitzadurarik sortuko ez ote duen, baina Pentagonoak egindako hainbat ikerketek dioenez, etekin ekonomiko eta estrategikoak aintzat hartuta, arriskatzeak merezi du. Izan ere, gastuak banatzeaz gain, aliatuekiko harremanak sendotzea lortzen dute AEBek. Herrialde hartako kontratista militarrik garrantzitsuena den Locked Martin Corporation konpainiako lehendakariordeak, Robert H. Pricek dioenez, euren lehentasuna negozioak bertako enpresekin egitea da, baina aurkitzen ez dituztenean, beraien bezeroentzat "onena" lortzen saiatzen dira. Zenbait "aliatuk" ordea, bereziki Ingalaterrak, AEBek arma batzuk garatzeko beharrezkoak diren datu teknikoak elkartrukatzeko orduan xuhur jokatu dutela salatu dute. Kexa horiek Tony Blair eta George Bush mandatariek izan dituzten bileretan izan dute isla. Kritikak jaurti arren, atzerriko enpresek ez dute abagune hau alferrik galdu nahi eta BAE Systems enpresa ingelesak eta EADS franko-alemaniarrak, atzerriko automobilgintza enpresen ereduari jarraituz, hainbat lantegi jarri dituzte Texas, Alabama eta Mississippin. Dena den, AEBetako Gobernuak neurri batzuk hartu ditu: enpresa horietako zuzendariak estatubatuarrak izan behar dira, EADSren telefono deiak kontrolpean ditu eta ordenagailuetan filtrazioak ekiditen dituzten programak txertatu dituzte. Esan bezala, baina, datuak ezkutatzen zaizkien eta dezenteko kontrola jasan behar duten arren, negozioak negozio dira, eta Ameriketako Estatu Batuetako agintarien politika zein norabidetan doan ikusirik, ez da dudarik armagintzaren industrian inbertitzeak merezi duela, azkenaldian mundua astindu duten gerren aurka egon arren. Izan ere, AEBko ejertzitoarentzako armak eta bestelakoak garatu dituzten enpresa batzuk Afganistan eta Irakeko gerren aurka azaldu diren herrialdeetakoak dira. Horien artean daude, adibidez, hogei enpresa alemaniar eta bi frantses. Informazio gehiago: Estatu Batuak, arma gehien saltzen dituen herrialdea (Rebelión, 2005/10/18)

Azkenak
2024-03-31 | Julen Azpitarte
Zinearen historiako film-kontzerturik “onena”

Oscar sari andana jaso zuen The Silence of the Lambs (1991) thriller-a zuzendu zuen Jonathan Demme (1944-2017) zinegile estatubatuarrak estreinatu zuen zineak inoiz eman duen kontzerturik onena: 1970eko hamarkadaren erdialdean New Yorken eratutako Talking Heads taldearen Stop... [+]


"Enpresa pribatuen esku utzi da segurtasun publikoaren norabidea"

Ertzaintzaren azken hamarkadako bilakaera teknologikoa aztertu du bere liburu berrian Ahoztar Zelaieta ikerketa kazetari, kriminologo eta ARGIAko kolaboratzaileak. Segurtasunaren industria ikertu eta Ertzaintzarekin duen lotura plazaratu du, La Ertzaintza que viene... [+]


Campi Bisenzioko GKN fabrikan batu dituzte langile borroka eta ekologismoa

2021eko uztailaren 9an jaso zuten kanporatze abisua Campi Bisenzioko GKN lantegiko 422 langileek. Biharamunean berean abiatu zuten fabrikaren okupazioa eta orduz geroztik bertatik dabiltza borrokan, deslokalizazioaren aurkako borroka zena bestelako industria eredu baten aldeko... [+]


Judith Bilelo Biachó
"Erakundeek ez digute lagunduko, guk geure hizkuntzan hitz egitea lortzen ez badugu"

Judith Bilelo Biachó gure artean izan zen iragan udazkenean, Garabideren Aditu programaren karietara. Ekuatore Ginean jaioa (Malabo, Bioko, 1975), bubi etniako kide da, bubiera hiztun eta hizkuntzaren aldeko militantea. Iraganaz bezainbat mintzo da orainaz, geroari... [+]


Eguneraketa berriak daude