AEBetako Gobernua ereindakoa jasotzen ari dela uste du Neil Clark kazetariak, Libian, Egipton, Palestinan, Iranen eta beste hainbat herrialdetan AEBetako enbaxaden aurka gertatzen ari diren erasoen harira. "Arabiar altxamenduak babestu ditu, eta kolpea bueltan datorkio orain", dio RT telebista kate errusiarrak egindako elkarrizketan. NATOrekin ere oso kritiko agertu da kazetaria: "Esku hartu duen lekuetan, hondamena ekarri du".
Adibide moduan Libia jarri du Clarkek: "AEBetako Gobernua kontrola galtzen ari da herrialde horretan, eta bera da, hain justu, egoera hori elikatu duena. Arabiar herrialdeetako altxamenduak euren intereserako babestu dituzte AEBek, eta orain kolpea bueltan etorri zaie. Gaddafi diktadorea zen, baina Libia herrialde egonkorra zen. NATO oposizioari laguntzen hasi zenean, 2011n, manifestazio baketsuak biziki gogortu ziren. Munduari begiratzen badiogu, ikusiko dugu NATOk esku hartu duen lekuetan hondamena gertatu dela, Iraken, Kosovon, Afganistanen, Somalian... Noiz ikasiko dute haien jokabideak heriotza eta hondamen gehiago besterik ez dakarrela?".
Clarken hitzetan, AEBek euren politika aldatu beharra dute: "Herrialde horiei utzi behar zaie dauzkaten arazoak beren kabuz konpontzen". Dena den, Washingtonen "neokontserbadoreek" botere handia dutela dio, eta eurak direla nazioarteko agenda kontrolatzen dutenak.
Haserrea areagotu duen filma
AEBetako enbaxaden aurkako erasoak Innocence of Muslims izeneko filmak eragin ditu. Arabiarrek diote pelikulak islama iraintzen duela, eta AEBak egin dituzte erantzule. Filma nork egin duen ez dago argi, baina hainbat hedabidek (The Wall Street Journalek, esaterako) azaldu dute egilearekin hitz egin dutela, eta poliziaren babespean dagoela jada.
Protestei buruzko informazioa zuzenean (Al Jazeera).
Neil Clark kazetariari elkarrizketa RT telebista katean:
Kazetaritza independentea eta profesionala egiten dugu, euskaraz eta euskaldunontzat.