Uztailaren 5ean Europako Parlamentuak atzera bota zuen Interneteko eskubideak murriztea helburu duen ACTA hitzarmena baina baliteke atzeko atetik antzeko neurriak indarrean jartzea: Europar Batasunak eta Kanadak CETA izeneko akordioa ia itxita daukate eta filtrazio bidez ezagutarazi diren dokumentuek erakusten dutenez, itunaren pasarte batzuk ACTAren hitzez hitzezko kopia dira.
Michael Geist zuzenbide irakasle kanadarrak azaldu du bere blogean, bi dokumentuetako testuak bata bestearen alboan jarriz. Geisten ustez, ACTAren “sekretupeko eredu” berdina jarraitzen ari da CETA akordioa ere, “ez da testu ofizialik argitaratu eta arrazoi asko daude pentsatzeko publikoak negoziazioak amaitu ondoren bakarrik ikusi ahalko duela ofizialki”.
Geisten ustez kezkatzeko arrazoiak badaude, zailagoa izango delako EBren eta Kanadaren arteko itun horren kontra borrokatzea ACTAren aldean. “CETA akordio komertzial masiboa da, jabetza intelektuala kapitulu bat besterik ez da eta ACTAren xedapenak kapitulu horretako parte bat baino ez dira (…) Akordioak birtualki ekonomiaren aspektu guztiak ukitzen ditu eta horrek esan nahi du presioa Europako Parlamentuak akordioa onartzeko (…) egongo den presioa ACTAren kasuan baino askoz indartsuagoa izango dela”.

Kazetaritza independentea eta profesionala egiten dugu, euskaraz eta euskaldunontzat.