EAJren eta EH Bilduren botoak batuta, Eusko Legebiltzarreko urriaren 21eko hauteskundeetako botoen %61 eskura dezakete El Mundo egunkariak papereko edizioan argitaratu duen inkesta baten arabera. EAJ izango litzateke lehenengo alderdia 24-25 eserlekurekin eta EH Bilduk 21 edo 22 lortuko lituzke. Ibarretxek 2001eko bozak irabazi zituenetik indar abertzaleek lortuko luketen emaitzarik onena litzateke.
Inkestak PSEren eta PPren beherakada ere aurreikusten du. Patxi López buru duen alderdiak botoen %21,4 lortuko luke, 17 eserleku. 2009ko hauteskundeetan bozen %30,7 lortu zuten, nahiz eta ezker abertzalearen ilegalizazioak emaitza horretan izan zuen eragina kontuan hartu behar den. PPk eserleku bat galduko luke legebiltzarrean inkestaren arabera eta 12rekin geratuko litzateke.
Sigma Dos enpresak egindako inkestak gobernua osatzeko koalizioei buruz ere galdetu die inkestatuei. EAJren boto-emaileen %39k begi onez ikusiko luke EAJk eta EH Bilduk osatutako Jaurlaritza; %29k berriz, nahiago luke jeltzaleen eta PSE-EEren arteko gobernua.

Kazetaritza independentea eta profesionala egiten dugu, euskaraz eta euskaldunontzat.