Lau preso maputxek 60 eguneko gose greba amaitzea erabaki dute, Txileko Auzitegi Gorenak haien eskariak onartu ostean: lau presoetako biri 10 urteko espetxe zigorra kendu diete. Beste biek epaiketaren zain jarraitzen dute. Wente Winkul Mapu komunitateko kideak dira lauak.
Daniel Levinao, Paulino Levipán, Eric Montoya eta Rodrigo Melinao dira Angoleko kartzelan 60 egun gose greban egon diren lau maputxeak. Epaiketa justu bat lortu nahi zuten eta Levipán eta Levinaoren zigorra murriztea lortu dute. Montoya eta Melinao epaiketaren zain daude. Iván Bezmalinovic karabineroen buruari ustez eraso egiteagatik kondenatu zituzten.
Auzitegi Gorenak erabaki du Levinaori 10 urte murriztuta ere, 541 eguneko espetxe zigorra bete beharko duela armen erabilera ilegalagatik. Levipán laster aterako da kartzelatik, espetxe zigorra murriztu ostean.
Atxiloketen eta haien kontrako prozesu judizialaren irregulartasunak salatzeko hasi zuten gose greba abuztuaren 27an. Era berean, Augusto Pinochet diktadoreak ezarritako “Lege Antiterrorista” delakoa soilik maputxeei aplikatzen zaiela salatu dute.
Duela bi egun beste bost preso maputxek utzi zuten gose greba Temucotik Angoleko kartzelara lekualdatzea lortu ondoren. Jada ez dago maputxerik gose greban.

Kazetaritza independentea eta profesionala egiten dugu, euskaraz eta euskaldunontzat.