M15

31 egun gose greban
Rajoyren dimisioa eskatzeko

  • Hilabete joan da Jorge Arzuaga bilbotarrak Rajoyren dimisioa eskatzeko gose greba hasi zuenetik. Urriaren 12an Hispanitate egunez ekin zion protestari eta Madrilgo Puerta del Solen jarraitzen du ordutik.


2013ko azaroaren 12an - 00:00
Azken eguneraketa: 2015-02-26 13:37:33
Jorge Arzuagari hainbat lagun gehitu zazkio bere protestan

25 urteko ingeniari bilbotarrari bere aldarriarekin bat egiten duten hainbat lagun batu zaizkio hilabete honetan “Mariano Rajoyren Gobernua erori edo hauteskundeak aurreratzen dituzten arte”. Batzuk Madrilen bertan, eta beste batzuk Espainiar Estatuko hainbat hiritan. Guztira 17 herritar ari dira ekintza horretan parte hartzen.

Bilboko gazteak 31 egun daramatza bere etxea eskaintzen dion lagunen baten etxean lo egiten eta goizeko 10ak aldera Puerta del Soleko Carlos III.ren estatuaren ondoan koltxoiak, kartelak eta pankartak ipinita egun osoa protestan pasatzen.

La Marea hilabetekariak protesta hasi eta bi egunera elkarrizketa egin zion, eta bertan argudiatu zuen Bilbon beharrean Madrilen hasi zuela protesta “botere politikoa hemen zentralizatua dagoelako. Parlamentua, Kongresua, Moncloa, Zarzuela… hemen daude. Gainera M15 mugimenduarekin aldarrikapen espazio bihurtu zen hau, suminduen epizentro, eta bat egiten dut aldaketa politikoaren eskaera horrekin”.

Cuartopoder webgunea ere grebarekin 27 egun zeramatzanean elkartu da berarekin eta honako adierazpenak jaso ditu: “Nekatua nago krisi honek arduradun eta errudunak dituela ikusi eta gutxi batzuk gehiengoaren sufrimenduari esker aberasten ari direla ikusita.”  Egoera horretan bizitzea zaila egiten zitzaiolako hasi zuen gose greba, “ez dudalako iruzur batean bizi nahi”. Bere aburuz, “sistema honek zapaldu egiten gaitu eta bizia kentzen ari zaigu”.

Politikariengandik ez duela ezer espero gaineratu du eta isiltasuna leporatzen die. “Ez dute honetaz hitz egiten, existituko ez balitz bezala jokatzen dute. Ez dira hona etorri eta azalduko balira esango nieke sartu gaituzten egoera hau konpontzera joan daitezela Kongresura”.

Arzuagaren iritziz, jendeak beldurragatik eta etsipenagatik ez du erreakzionatzen. “Uste dute honek ezin duela aldatu, hedabide nagusiek eta sistemak berak mezu hori zabaldu baitute. Txikiak garela sinestarazi digute, ez dugula indarrik. Ezarritakoa onartu eta errealitatea zalantzan ez jartzeko hezten gaituzte. Jendea desinformazioan bizi da, edo jasotzen duen informazioa manipulatua dago”.

Hala ere, bera konbentzitua dago denon artean politikariak botatzeko dugun gaitasunaz. “Gure indarra batasunarekin areagotuko da. Borroka da kendu dizkiguten eskubideak berreskuratzeko bide bakarra; horri heltzen ez badiogu ditugun eskubide apurrak kentzen jarraituko dute eta hau okerrera joanen da. Etsipena eta beldurra atzean utzi eta borrokari ekin behar diogu, errebeldia pazifikoaren bidetik. Horretarako oso batuta egotea ezinbestekoa da”, gaineratu du.

Osasun arazoak izan aurretik, Samurko kideek hala gomendatzen dietenean utziko dute protesta. Jorge Arzuagak greba hasi aurretik bazekien ez zuela bere helburua, Rajoyren dimisioa, lortuko; baina iniziatiba arrakastatsutzat jo du, hainbat jenderen kontzientzia astintzea lortu duelako. Hala ere, milaka lagun ikusi nahi lituzke “iruzur” horri amaiera emateko eskatzeko kalera ateratzen.

Esperientzia honen alde positiboa azpimarratzen du, indibidualki eta kolektiboki. Herritar ugari joan omen zaizkie ura, mantak edo behar zuten edozer eramatera. “Esperientzia izugarria bizitzen ari gara: jende ikaragarria ezagutu dugu eta lagun asko hurbildu da babesa ematera. Jendearen elkartasuna da gehien baloratzen dudana”, gehitu du gazteak.

Hedabide nagusiak eta PP protesta isilarazi nahian

PPren gobernua protesta estaltzen saiatu da. Gose greban daudenen parean obretako garabi handi bat kokatu dute haien aldarria ikusi ez dadin.

Horrez gain, bertan daudenek hedabide handien “blokeo mediatikoa” jasaten ari direla salatu dute; medio konbentzionalak ez baitira protestaren jarraipenik egiten ari.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: M15
Maskara hau ezagutzen? Haren sortzailea Gasteizen izango da laster

David Lloyd, V for Vendetta komiki ezagunaren sortzaileetako bat, Gasteizen izango da otsail hasieran. Ignacio Aldecoa kultur etxeak eta Caracola Comic-ek hiru eguneko jardunaldiak antolatu dituzte komiki horren inguruan.


2018-11-13 | Iñigo Igartua
Madrilen M15a hasi zen gauean atxilotu zituzten hamalau laguni 74 urteko espetxe zigorra eskatzen die fiskaltzak

18-26 urte bitarteko hamalau auziperatuei, desordena publikoak, kalteak, lesioak, erresistentzia eta autoritateari eraso egitea leporatzen diete. 15M libertad izeneko babes kolektiboak absoluzioa eskatu du.


Marina Garcés
"Borroka konkretu bakoitzean guztia dago jokoan"

Ideia sakonak ulergarri eta ukigarri egiteko gaitasun harrigarria dauka Marina Garcés filosofo kataluniarrak (Bartzelona, 1973), pentsamendua eguneroko bizipenekin konektatzeko argitasuna; eta bizi ditugun garai nahasi hauetan, jarrera bat: eraldaketaren aldeko apustua... [+]


Asanblada eta kanpalekua. Politika, bestelako munduak sortzeko

Zergatik ez du Nuit Debout frantziarrak M15 espainiarraren irismenik izan? Elementu guztiak zeuden (eta daude) mahai gainean: alderdi sozialistaren beste eraso bat lan eskubideen aurka ("Loi travail"), egonezin sakona eta "zerbait gerta zedin" guraria giroan... [+]


2016-07-04 | Estitxu Eizagirre
Gipuzkoa Zutik izan den bidaiaz, Fernandez Savaterrekin hausnarrean

Egunak joan ahala, biziraupenaren larritasunik gabe eta denboraren prespektiba lagun, 23 egun iraun zituen Gipuzkoa Zutik kanpaldiari buruzko analisiak gehitzen doaz. Hainbat kidek Amador Fernandez Savaterrekin izandako elkarrizketatik ideia hauek bildu ditugu.


Eguneraketa berriak daude